Uste dugu euskaraz eta euskal balioetan oinarritutako eduki jatorrak behar dituztela gazteek eta beraiek behar horren jakitun ez badira ere, horiek emanez gero, estimatuko dutela eta erabiliko dituztela. Gurera.eus-en aurkitu ahal izango diren edukiak zabaltzeaz gain, gazteek beraien ekarpenak egiteko edo argitaratutako edukiei buruzko iritzia emateko aukera izango dute, baldintza bakar batekin: euskaraz aritzea.
Produktu honen ideia hainbat udaletako euskara teknikariren partetik jaso dugu. Egun euskararen ezagutza populazioaren sektore guztietara zabaldu bada ere, ez da gauza bera gertatzen berau erabiltzeko motibazioarekin, bereziki gazteen artean.
Proiektu honen bidez 12-16 urte bitarteko gazteen motibazioa indartu edo sustatu nahi dugu, batez ere, hori baita une honetan hizkuntzaren erabilerari dagokionez, sektorerik kezkagarriena, euskara teknikari askok adierazten digutenaren arabera. Azken finean euskararen erabilera ‘guay’ edo erakargarri bihurtu nahi dugu beraientzat, ez inposatutako zerbait.
Gazteek erreferentziak mundu globalizatu bateko eragin modura jasotzen dituzte; sare sozialetatik etenik gabe banatzen dira abestiak, txantxak, jokoak… edo dena delakoak, batez ere bideoen bidez. Esan gabe doa produktu horien hizkuntzak ingelesa eta gaztelera izan ohi direla.
Ohitura horiek eraldatzea zaila da, ezinezkoa ez esate arren, baina ohitura horietan erreferentzia euskaldunak eta euskal balio jatorrak sartzea posible dela iruditzen zaigu.